38 p. : il. -- Bibliogr.: p. 29-30Modu orokor eta laburbildu batean esan daiteke hemen landuriko gaiak direla gaur egunera heldu ahal izan den Ikebanaren (hau da, Japoniako lore txukunketa tradizionalaren) eragina, erlijioa eta filosofiarekin batera… Laburbilduz, Japoniako kultura tradizionala osatu dituzten elementuak. Guzti honen ostean, modu oso ageriko batean Antzinateko lorategien ezaugarriak erakusketarekin partekatzen direla ikusiko da; esaterako, iraunkorra ez izatea, gizakiaren eta naturaren arteko harmonia, errespetua… etab. Izan ere, estetika eta pentsamendu hau jadanik oso antzinatik existitzen zen baina Azuma Makotok (erakusketa honen autorea), izotzaren elementua sartzearen ondorioz, ideia horri buelta bat ematea lortu du eta beraz, esan dezakegu, esanahi desberdin bat ematea ere. Hala ere, kontutan izan behar dugu bera ez dela loreekin eta izotzarekin lan egiten duen bakarra, antzeko lana burutzen duten zenbait artista topatu ahal ditugularik; esate baterako, Marc Quinn (1964, Eternal Spring), Kenji Shibata (1971, Locked in the ether) eta Paloma Rincón (1979, Freezing Flowers).
Jarraituriko metodologiari dagokionez, lehenengoz Japoniako lorategiaren inguruan oinarrizko bibliografia fidagarri bat bilatu nuen, eta bestelako informazio osagarria interneten, erakusketa honek kronologiaren aldetik oso lan hurbila delako. Honekin batera izan dudan lehen oztopoa aipatu dezaket. Izan ere, interneten Azumaren eta bere obraren inguruko milaka blog ez guztiz zehatzak aurkitzeko aukera dago. Kantitatea kasu honetan anitza izatea ez da onerako izan, ia ez delako lanaren prozedura azaltzen eta bere ideien inguruan informazioa lortu ahal izateko kazetariek prestaturiko hainbat elkarrizketatik atera eta batzutan interpretatu behar delako. Hortaz, fidagarritasun kutsua ematen duten iturriek tesiak izango lirateke, eta hauek hala ere, oso gainetik aipatzen dituzte autore hauen lanak eta ez dute filosofia edo erlijioa landu, bakarrik lorategiaren ikuspuntutik. Beraz, ikusten dugunez, ezinbestekoa da autorearen ibilbidea, inguruko kultura eta batez ere, iritzia ezagutzea, esan ahal izateko lore-txukunketak izan duen eta jada duen garrantzia Japonian.
Horretaz gain, bereziki baliagarriak izan diren iturri batzuk lorategi japoniarraren inguruan jarduten dutenak dira, konkretuki diseinuaren kontuak aipatzen dituztenak, aditzera ematen dutenak lorategia zaintzeko arauditegia ez zegoela idatzirik eta kultura ahozko tradizio baten bidez hedatu zela, nahiz eta iturri literario ugari egon. Honen adibide dira XI.mendeko Sakutei-ki edo Lorategiaren liburu sekretua delakoa eta XV.mendeko Sansui Narabini Yag-yo-no eskuizkribua.
Beste pausu garrantzitsu bat izan da kondairen bitartez Japoniako antzinako garai desberdinetako naturaren ikuskera kontutan izatea, esate baterako: Taketori Monogatari, Ise Monogatari eta Genji Monogatari.
Atal honen barnean bigarren pausu bat izan da Ikebanari buruz informazioa bilatzea. Honen inguruan, nahiz eta informazioa beste iturriekin osatu dudan, topaturiko iturri oso interesgarria, eta nire ustez berezia, Elurretako Biltegian aurkitzen den liburu txiki bat da, bertan aukera ematen duelako Ikebana ia lehenengo eskutik ezagutzeko, bertan ikasle batek kontatzen duelako bere hildako maisuak (Dr. Yun Komajiya) nola ematen zituen klaseak. Hau da, lehen esan dudan moduan, Ikebana bezalako praktika horiek ahoz transmititzen ziren era sekretu batean maisu eta ikaslearen artean, eta jada iturri honekin kontatu ahal izatea oso aukera ona iruditzen zait. Azkenik, Gloria Santacruz Tarjuelo-ren tesiak ahalbidetu zidan Azuma Makotoren lana Heian (794-1185) eta Muromachi (XIV-XV.mendeak) garaiko loratagien estetikarekin konparatu ahal izatea