research

Gaueko txandak erizaintzan. Gaixotasun kronikoen agerpenean duten eraginen analisia.

Abstract

Sarrera. Gaixotasun kronikoak osasun publikoko arazo garrantzitsua kontsideratzen dira gaur egun, heriotza kausa nagusia direlarik adin tarte eta munduko lurralde guztietan. Gaixotasun kroniko prebalenteenak gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, arnas gaixotasunak eta diabetesa dira. Bizi estiloek zeresan handia dute gaixotasun hauen agerpenean. Badirudi loaren kalitate txarrak eta erritmo zirkadianoaren aldaketek ere zuzenki zein ez-zuzenki (bizi estiloetan aldaketak eraginez) gaixotasun kronikoen agerpenean eragina izan dezaketela, gaueko txandekin erlazio bat egon daitekeelarik. Hainbat ikerketek gaueko txandak arazo kardiobaskularrekin, minbiziarekin, diabetesarekin eta gainpisu edota obesitatearekin erlazionatzen dituzte, oraindik ebidentzia handirik ez dagoen arren. Helburua: Erizainek egiten dituzten gaueko txandek gaixotasun kardiobaskularren, diabetesaren eta gainpisu edota obesitatearen agerpenean izan dezaketen eragina aztertzea. Metodologia. Berrikuspen sistematiko honetan, PubMed datu base zientifikoa erabili zen gaiaren inguruko artikuluak eskuratzeko. Bilaketa bakarra egin zen datu basean, eta barne eta kanpo irizpideak kontuan hartu ondoren, lanerako 16 artikulu original aztertu ziren. Emaitzak. Gaueko txandak egiten egondako denborak gaixotasun kardiobaskularretan, diabetesean eta gainpisu zein obesitatean eragina zuen ikerketa gehienetan. Bizi ohituretan ere eragina nabaritu zen: elikadura kaxkarragoa, tabako eta alkohol kontsumo handiagoa etab. Loaren luzera eta kalitatean ere eragina dute gaueko txandek (p<0.001). Ondorioak. Ikerketek erlazio bat aurkezten dute erizainen gaueko txanden eta arazo kardiobaskular, diabetes eta gainpisu/obesitatearen artean, baina ebidentzia ez da nahikoa horrela dela ondorioztatzeko

    Similar works