research

Euskarazko ezeztapenaren hitz hurrenkera eta analisi proposamenak aztergai

Abstract

Lan honek euskaraz polaritateak agertzen dituen arazoak aurkezten ditu eta, horren aurrean, zenbait adituk proposatutako irtenbideak edo analisi sintaktikoak jasotzen. Horretarako, lana hiru atal nagusitan banatu dut. Lehenbizi, polaritatedun perpausak deskribatu ditut; alde batetik, ezeztapenari dagokionez euskarak dituen ezaugarri tipologikoak aurkeztuz, Haegeman eta Zanuttini (1991) oinarri eta, bestetik, polaritatedun perpausen hitz hurrenkera perpaus mota ezberdinetan jorratuz. Bada, euskara ezeztapen marka bakarra eta ezeztapen komunztadura duen hizkuntza dugula argudiatu ostean, baieztatu dut euskaraz baieztapen perpausek [A-Lag] hurrenkera agertzen badute ere, ezeztapenak laguntzailea ezkerrera mugiarazten duela, [ez-Lag…A] ordena eraginez. Hau da joera orokorra, baina mendeko zenbait perpausetan ez da laguntzailearen ezkerrerako destokitzerik gertatzen. Horregatik, hainbat perpaus mota jorratu ditut; nagusi zein mendeko, jokatu zein jokatugabe. Bigarren urratsean ezeztapenaren inguruan egin diren hiru proposamen nagusiak aurkezten ditut: a) Laka (1989etik aurrera), b) Ortiz de Urbina (1989tik aurrera) eta c) Haddican (2004, 2008). Lakak ezeztapena buru-lehentzat jo eta egiturako posizio gorenean kokatzen du, inflexioaren gainetik. Denboraren o-komando baldintzak eraginda, inflexioak ezeztapenera igo behar du, buruz buruko mugimenduaren bidez. a) [ΣS[Σ ez[lag]][InflS[AspS[AS[…][A…]][Asp -i/Ø]][Infl tlag]]] (Laka) Ortiz de Urbinak ezeztapena operatzaile gisa hartzen du eta inflexioak tasun ahula duenez, inflexiora mugitzen da honi euskarri lexikoa emateko. Ondoren, inflexio buru konplexuak buru-lehena den Konp-era igo behar du, ezeztapenaren operatzaile izaerak bultzatuta. b) [KonpS[Konp[[ez]lag]][InflS[EzS[AS[…][A][Ez tez]][Infl tlag]]] (Ortiz de Urbina) Haddicanen analisia antisimetriaren eredu teorikoan oinarritzen da. Ezeztapena eta partikula ebidentzialen arteko besarkadura harremanak azaltzeko, proposatzen du denboraren azpian kokatzen den ezeztapena partikula ebidentzialen gainetik kokatzen den polaritate sintagmara igotzen dela sintagma mugidaren bitartez. c) [PolS ezj [Pol’ Ø [Mod(evid)S omen [DnbS Lag [EzeztS [Ezezt’ Ø[…]]]]]]] (Haddican) Hiru proposamenak aztertu ditugu eta, ahal den neurrian, hedatu, aurkez ditzaketen arazoak agerian utziz. Nabarmenena, edo hiru analisiek aurkezten duten gabezia da ez dutela euskarazko ezeztapenaren hitz hurrenkera neutroa azaltzen. Dena den, arazo gehien sortzen dituzten perpausak mendekoak dira, hitz hurrenkeratik beratik hasita. Izan ere, mendeko perpausen oinarrizko hurrenkera A-ez-Lag den arren, batzuek, laguntzailearen ezkerrerako destokitzea onartzen dute eta badirudi horren arrazoia menderagailuaren zama semantikan dagoela. Nahiz eta ez den beti betetzen, badirudi zenbat eta menderagailua hutsagoa izan, orduan eta hobeto onartzen dela laguntzailearen destokitzea. Halere, Haddicanek eta Ortiz de Urbinak mendeko perpausak lantzen ez dituzten arren, 4. puntuari esker baieztatu dugu, oro har, hobeto azal daitezkeela laguntzailearen ezkerrerako destokitzea duten mendeko perpausak. Izan ere, analisia destokitzerik ez duten perpausetara hedatzean, galdera asko sortzen dira: Ortiz de Urbinaren kasuan, gainerako perpausetan ez bezala, ezeztapena bere jatorrizko lekuan geratu beharko litzateke, azal ezin daitekeelarik zergatik kasu hauetan ez den foku burura igotzen. Haddicanen kasuan ez da erraza elementuen hitz hurrenkera azaltzea. Perpaus jokatugabeek ere osagaien jokaera berezia aurkezten dute Haddican eta Ortiz de Urbinaren proposamenetan, aditz sintetikoek bezala jokatzen dutela proposatu beharra dagoelako. Beraz, orain arte eginiko proposamenen artean, badirudi Lakaren analisia dela osoena, momentuz

    Similar works