Desnutrizioaren prebentzioa eta maneiua ospitaleratutako adinekoan

Abstract

Sarrera: Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) arabera adineko pertsonen desnutrizioa arazo garrantzitsua da. Ospitalean adineko pertsonek desnutrizio prebalentzia handiena dute, ospitaleko egonaldia luzatu eta konplikazioak areagotzen dituena. Nutrizio-egoeraren ebaluazio osoa egitea, arrisku-faktoreak identifikatzea eta nutrizio-behar indibidualak zehaztea da beharrezkoa. Nutrizio-baheketa goiztiarra eginez gero, zehaztasunez diagnostikatuz eta etengabeko esku-hartzearen bitartez desnutrizioa prebenitu eta tratatu daiteke. Prozesuan erizainak funtsezko papera du. Helburuak: ospitaleratutako adinekoaren desnutrizioa prebenitzeko eta horri aurre egiteko kontuan hartu beharreko erizaintza esku-hartze ezberdinak aztertzea. Metodologia: berrikuspen bibliografikoa egiteko Pubmed, Osasunaren Liburutegi Birtuala (BVS), Dialnet eta Cochrane bezalako datu-baseak erabili dira, baita web orriak, aldizkari elektronikoak eta liburu elektronikoak ere. 1024 artikuluz osatutako bilaketa egin ostean, iragazkiak eta barneratze- eta kanporatze-irizpideak erabili dira bilaketa gaiarekin lotutako artikuluetara mugatzeko, guztira 22 artikulu eskuratuz. Emaitzak: adineko pertsonek desnutrizioa izateko arrisku handiagoa izatea eragiten duten determinatzaile eta arrisku-faktoreak ezagutzen dira. Egoera prebenitzeko eta maneiatzeko, detekzio goiztiarreko eta ebaluazioko tresnak erabili behar dira, eta horretarako, gaur egun urriak diren ezagutzak eta prestakuntza behar da. Erizainak prozesu osoan laguntzen dio pazienteari, honen ardatz garrantzitsua bilakatuz. Azkenik, erizaintzako-zainketak pertsona bakoitzaren beharren arabera bermatzen dira. Eztabaida: autore batzuen ustez, adina, komorbilitatea eta polifarmazia dira desnutrizio-arrisku handiagoa izateko faktore garrantzitsuenak, baina beste ikertzaile batzuek faktore sozialen garrantzia nabarmentzen dute. Ez dago ebaluazio nutrizional estandarizaturik, eta ez da adostasunik lortu, lana oztopatuz. Oro har, uste da disziplina anitzeko lana funtsezkoa dela desnutrizioa prebenitzeko eta maneiatzeko, baina badira medikuen eskumeneko alderdia dela uste dutenak. Egin beharreko zainketak desberdinak dira pertsona bakoitzaren egoeraren arabera. Ondorioak: adineko pazienteen desnutrizio-arriskuak osasun-langileen identifikazioa eta zainketa holistikoak eskatzen ditu, arrisku-faktoreak eta desnutrizioaren prebentzioa kontuan hartuta. Desnutrizioaren detekzio goiztiarra funtsezkoa da emaitza klinikoetarako. Nutrizio-arreta hobetzeko, prestakuntza egokia eta etengabeko ikerketak behar dira eta gaur egun oraindik burutako ikerketak ez dira nahikoak

    Similar works